PSIKOLOGÍA

HAUR PSIKOLOGIA. 6 URTETIK 12 URTERA BITARTEAN


Haur psikologia lanerako gida didaktikoa

SARRERA

Haur psikologia lana 6 eta 12 urte bitarteko haurrei buruzkoa da. Lau bideoz edo DVDz osatuta dago. Lehen Hezkuntzako irakasleei laguntzeko materiala da. Izan ere, garai horretarako, abuztuaren 11ko 237/1992 Errege Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegorako Lehen Hezkuntzako Curriculuma zehazten duena) jasota dauden helburuetako bat gauzatzen laguntzen du:

«Lehen Hezkuntzan, hezkuntzazko esku-hartze sistematikoaren bitartez, adin horretako ikasleen garapen integrala bultzatu behar da. Hortaz, esparru fisikoa, afektiboa, soziala eta intelektuala barne hartu behar dira, eta beren buruaren, zein dituzten aukeren, irudi positiboa eraiki dezaten lagundu behar zaie…»

Jakina, ikasleen garapen integrala ez da eskolen zeregina soilik. Gurasoek eta eskolak lankidetzan egin beharreko zeregina da, alegia. Material hau, funtsean, hezkuntzako profesionalei, bereziki tutoreei, laguntzeko diseinatu da: ekintzak antolatzen laguntzen du, bai eta gurasoei kontzeptuak jakinarazten eta orientabideak eskaintzen ere.

Lana bi zatitan banatuta dago. Zati bakoitza bi bideok edo bi DVDk osatzen dute. Horiek, era berean, hamar ataletan daude banatuta. Lehen zatiko lehen bideoaren izenburua Adimen emozionala da. Kontzeptu horren azalpen laburra eta argia da. Ondoren, adimen emozionalean biltzen diren hamar osagai edo faktore definitzen eta aztertzen ditu. Kasu bakoitzean zer den azaltzen du, nola jardun dezakegun, eta abar. Jarraibide horiek gurasoentzat zein irakasleentzat dira baliagarriak.

Lehen atal honetako bigarren bideoaren izenburua Arazoak nola atzeman da. Gure arreta erakarri eta erne egonaraztera bultzatu behar duten haurren jokabideen aipamena eta definizioa da; izan ere, zerbait gaizki dagoela edo egon daitekeela adieraz dezakete. Arazo garrantzitsuak aztertzen ditu, hala nola enuresia, barne-herstura, elikadurako eta loaren nahasteak eta depresioa; diagnostiko bereizgarriaren eta lehenbailehen ekitearen garrantzia nabarmentzen du.

Bigarren zatian beste bi bideo daude. Lehenaren izenburua Jokabidea aldatzeko teknikak da. Lehenik eta behin, teknika horiek zer diren eta zertan oinarritzen diren azaltzen du. Ondoren, aldatu beharreko hainbat jokabideri buruz dihardu, eta nola aldatu azaltzen du. Funtsean, jokabide positiboak indartzea eta jokabide negatiboak desagerraraztea nabarmentzen ditu.

Bigarren zati honetako bigarren bideoa eskola-porrotari buruzkoa da. Zer den definitzen eta zergatik gertatzen den azaltzen du, bai eta haurrarengan zer ondorio izan dezakeen zehazten ere. Ondoren, eskola-porrota gertatzea saihesteko hainbat metodo aurkezten dira, eta argi uzten da eskola-porrotak haurraren autoestimua apaltzea eragiten duela, eta haren garapen integrala zailtzen.

Lanak sinpletasun handiz dihardu alderdi horien guztien gainean. Horrela, oso material egokia da gurasoei eta irakasleei haurrak hezten oso erabilgarriak izan daitezkeen kontzeptuak eta estrategiak ezagutarazteko. Era berean, hausnartzeko eta seme-alabekin edo ikasleekin ditugun hainbat jokabide aztertzeko ere baliagarria da.

Lan guztian ageri diren alderdi metodologikoak

Lanaren luzera eta jorratzen diren gaien aniztasuna direla medio, material hau zatika erabiltzea komeni da, eta interesatzen zaizkigun zatiak, blokeak edo atalak hautatzea, betiere, lan egin nahi dugun egoeraren edo gaiaren arabera.

Oinarrian, irakasleek eta gurasoek elkarrekin lantzeko eta eztabaidatzeko moduko lana da. Ildo horretan, gurasoei hainbat kontzeptu ezagutarazteko erabil daiteke, gerta daitezkeen arazoei buruz ohartarazteko, eta seme-alabak hezteko teknika jakin batzuk emateko. DVDetako atalak sarrera gisa erabil daitezke, gaiak garatzeko, elkarrizketak edo eztabaidak hasteko, eta abarretarako.

Gurasoen eskolan lantzeko ere balia daiteke, baldin eskolan edo udalerrian halakorik badago. Kasu horretan, materiala psikologo batek aurkeztea eta lantzea komeni da.

Era berean, erreferente egokia izan daiteke eskolako tutoretza-plana antolatzeko garaian. Izan ere, sei eta hamabi urte bitarteko haurren garapeneko puntu garrantzitsuenei buruz dihardu, eta proiektuan sartu nahi ditugun edukiak garatzen lagun diezaguke.

Azkenik, irakasleen artean hainbat kontzeptu hedatzeko balio dezake, bai eta hainbat estrategia eskaintzeko ere. Horiek oso erabilgarriak izan daitezke, bai ikasleekin duten harremanerako eta bai gurasoekin dutenerako. Demagun haur batek eskolara sarritan huts egiten duela, eta haren gurasoek huts egin izana justifikatu egiten dutela, gaixo dagoela esanez. Gaitz fisikoren bat izan ezean, haur horri zerbait gertatzen zaio. Irakaslearen ardura da gurasoei ohartaraztea. Ildo horretan, ez da gauza bera esatea haurra adarra jotzen ari zaiela, edo arazoren edo egoeraren bat somatizatzen ari dela azaltzea. Ziurrenik, gurasoei konfiantza gehiago emango die bigarren azalpen hori egiten duen irakasleak, eta haren esku-hartzea eraginkorragoa izango da.

Segidan, bideo bakoitzeko atalak erabiltzeko jarraibideak eskaintzen dira.

I. ZATIA.
A. BLOKEA: ADIMEN EMOZIONALA

Bloke honetan adimen emozionalaren garrantzia nabarmentzen da; izan ere, haurrari garatzen laguntzen dion eragile psikikoa da. Garatzen lagundu behar diogun hainbat jarrerari eta gaitasuni buruz mintzatzen da.

1. atala: barne-herstura.

Atal honetan haurren barne-herstura definitzen da. Egoera horretan nerbio-asaldura gertatzen da, eta haurrak egoera horiek kontrolatzen ikasi behar du blokeo emozionala saihesteko. Kausa arruntenak azaltzen dira, eta haurrari barne-herstura kontrolatzen irakasteko jarraitu beharreko estrategiak proposatzen.

Gurasoekin lantzeko moduko atala da. Bideoan azaldutakoa oinarri hartuta, barne-hersturaren kontzeptua eta ezaugarriak zabal ditzake tutoreak edo bileraren arduradunak. Gurasoek aditzera eman dezakete zer egoeratan atzematen duten seme-alabek barne-herstura handia dutela, zer egiten duten kontrolatzen laguntzeko, eta seme-alabek nola erantzuten duten. Nabarmentzekoa da haurrei entzun egin behar zaiela, haiekin hitz egin behar dela, segurtasuna helarazi behar zaiela, eta denbora eskaini. Garrantzitsua da haurrek beldurrak kanporatzen ikastea, eta besteek ulertzen dituztela sentitzea. Zenbat denbora eskaintzen diegu seme-alabei? Hitz egiten dugu haiekin? Dituzten arazoak azaltzeko aukerarik ematen diegu? Badakigu entzuten eta ulertzen?

2. atala: Enpatia

Atal honetan azaltzen da haurrek oraindik ez dituztela beren emozioak ezagutzen, eta, ondorioz, ez dakitela nola adierazi. Horretan laguntzea oso garrantzitsua da. Gainerakoekin harreman egokiak izatea eta gaitasun intelektualak eta pertsonalak albait gehien erabiltzea ahalbidetuko dio.

Gurasoekin lantzeko gai interesgarria da. Bideoa ikusi eta gero, eztabaida egin dezakegu:

• Sarritan kexu da buruko mina, sabeleko mina… duelako?
• Zer egiten dugu hori maiz gertatzen denean, azalpen medikorik gabe?
• Saiatu gara ikertzen egoera zehatzen batekin zerikusia ote duen?
• Etxean geratzen utzi behar diogu hori gertatzen den guztietan?

Bilerako arduradunak puntu horiek azaleratzea onuragarria izango da. Gurasoak seme-alabekin hitz egitearen garrantziaz jabearazi behar ditu, bai eta seme-alabek egiazki gertatzen zaiena ezagut eta adieraz dezaten saiatzeak duen garrantziaz ohartarazi ere, hortik, arazoari aurre egiteko bideak bilatze aldera.

3. atala: haur zoriontsua eta haur lehiakorra. Bateraezinak al dira?

Atal honetan haur zoriontsuaren eta haur lehiakorraren kontzeptuak aurkezten dira. Haur zoriontsuek gustuko dutenaren eta dituzten gaitasunen arteko oreka lortu dute. Haur lehiakorrek, ordea, gaitasun intelektualak gehiago garatu dituzte, eta alderdi emozionalak alde batera utzi. Oreka lortzearen garrantzia nabarmentzen da.

Tutorea, bideoa ikusi eta gero, gurasoek haurrak orientatzeko garaian duten rolaz mintza daiteke. Nola lagundu behar dioten gustuko dutena aurkitzen eta dituzten gaitasunak eta mugak ezagutzen. Kontua ez da seme-alabek guk nahi duguna egitea, interesak eta gaitasunak nola bateratu pixkanaka ikas dezaten baizik.

4. atala: ordezko ikaskuntza

Ordezko ikaskuntza imitaziozko ikaskuntza gisa definitzen du. Batez ere telebistan oinarritzen da.

Puntu horretan oso alderdi interesgarriak aurkezten dira, tutoreak gurasoekin lan ditzan. Izan ere, oso ohikoa da haurrek eskolan errendimendu apala izatea telebista ikusten berandu arte egon zirelako. Eztabaidatzeko hainbat gai:

• Zenbat orduz ikusten dugu telebista etxean?
• Badu haurrak telebistarik logelan? Zer ordutan oheratzen den kontrolatzen dugu?
• Telebista ikusteko ordutegiak adosten ditugu berarekin? Errespetatzen ditu?
• Telebista berarekin ikusten dugu? Komentatzen dugu ikusten duguna?
• Gogoko dituen programen edukia ezagutzen dugu?
• Telebista nahi beste ikusten uzten diogu? Edo, bestalde, ez diogu uzten telebista ikusten?

5. atala: Autoestimua.

Funtsean, helduek haurrarengandik espero dutenarekin du zerikusia, eta, ondorioz, etiketak jartzea kaltegarria izan daiteke autoestimurako. Ongi egiten dutena nabarmendu eta goraipatu egin behar da.

Gai hori ere oso interesgarria da bileretan gurasoekin lantzeko. Atal hori ikusi eta gero, tutoreak autoestimuaren garrantziaren azalpena hedatu egin dezake, bai eta gurasoei hausnarrarazi ere: seme-alabak behar bezala balioztatzen dituzten eta hori aditzera ematen duten, nola animatzen dituzten akatsak zuzen ditzaten eta nola laguntzen dieten.

Ideia hori bera ere egokia da irakasleekin lantzeko.

6. atala: hezkuntza subliminala.

Hezkuntza subliminala nahi gabe jarreren bitartez helarazten duguna da.

Bideoa ikusi eta gero, eztabaida egin dezakegu honako hausnarketa-gai interesgarri hauek oinarri hartuta:

• Lanetik itzultzen garenean, seme-alaben aurrean guztiari buruz kexu gara sistematikoki?
• Semaforoak gorri daudenean igarotzen gara, edo gizabidezkoak ez diren jarrerak edota jarrera intoleranteak ditugu haiekin goazenean?
• Sarritan engainatzen ditugu?

Laburbilduz, bileraren arduradunak bereziki nabarmendu behar du gehiago eta era eraginkorragoan hezten dugula jarrerekin hitzekin baino, eta une oro koherenteak izan behar dugula.

7. atala: ereduzko zigorra.

Bideoan azaltzen denez, ereduzko zigorra jendaurrean ezartzen zaio taldeko kide bati nahiz taldeko kide guztiei.

Atal hori bereziki garrantzitsua da irakasleentzat. Bideoa ikusi eta gero, eztabaidatu egin daiteke ea talde zailekin lan egiteko zer estrategia erabiltzen diren. Bileran dauden pertsonen esperientziak oso aberasgarriak izan daitezke gainerakoentzat. Pedagogiaren aldetik, egokienak diren estrategia-motak ezagutaraztea komeni da: pizgarriak, sariak, hitzarmenak, elkarrizketa, eta abar.

8. atala: bizikidetzako balioak.

Haurra izaki soziala dela azaltzen du, eta gizarte-ingurunean garatzen dela. Horrela, bizikidetza errazten duten arauak errespetatzen ikasi behar du. Ezartzen diren arauek koherenteak izan behar dute, eta ez da haien artean kontraesanik egon behar.

Bilerako arduradunak hainbat alderdi nabarmen ditzake:

• Gurasoek beti bat etorri behar dute etxean arauak ezartzeko garaian.
• Ideia hori bera eskolarako ere baliagarria da: irakasle guztiek adostu eta onartu behar dituzte arauak.
• Gurasoek eta eskolak elkar ulertu behar dute arauak ezartzeko garaian. Etxean eskatzen dena ezin da eskolan eskatzen denaren aurkakoa izan, eta alderantzizkoak ere ez du gertatu behar.
• Arau bat ezartzen dugunean, egiaztatu behar da betearazteko gai izango garela. Ez bada hala, hobe da ez ezartzea.

9. atala: afektibitate ingurunea.

Atal honetan azaltzen dena laburbilduz, sei eta hamabi urte bitarteko haurren erreferentea familia da. Familiak afektibitatea eta konfiantza eskaini behar dizkio, hots, familiaren zeregin bakarra ez da garbi eta behar bezala elikatuta mantentzea.

Gurasoekin lantzeko oso atal interesgarria da. Bideoa oinarri hartuta, bi gai gara daitezke: gehiegi babestea eta afektua falta izatea. Bi horien ondorioei buruz gurasoekin hitz egitea ezinbestekoa da. Eta, batez ere, gurasoei lagundu egin behar zaie seme-alabekin duten jarrera zein den atzematen. Izan ere, bi jarrera horiek beti ez dira agerikoak, eta ez gara beti ohartzen horrela jokatzen dugula. Noiz ari gara haur bat behar baino gehiago babesten? Zer gauza egin ditzake haur batek gure laguntzarik gabe? Haien oinarrizko beharrak aseagatik ere, noiz ukatzen diegu afektua? Nola sustatzen da autonomia?

10. atala: haurra bakarrik, haurra taldean.

Taldeak haurrentzat duen garrantzia eta eragina. Taldeak behar baino gehiago eragin ez diezaion irizpideak garatzen lagundu behar zaio.

Atal hau gurasoekin zein irakasleekin lan egiteko izan daiteke baliagarria.

Lehen kasuan, gurasoek haurren banakotasuna errespeta dezaten bultzatu behar da, anai-arrebekin alderatzea saihestuz eta bakoitzaren berezko ezaugarriak balioetsiz. Segurtasuna eta konfiantza eman behar diete.

Irakasleen kasuan, aintzat hartu behar dituzte gelan biltzen diren banakotasunak, eta, era berean, ikasleei errespetatzen eta elkarreragina sustatzen irakatsi: baten ideia oinarri hartuta, taldean lanak egitea, edo alderantziz; haurrek arazo bat konpontzeko bete duten prozesua jendaurrean azal dezaten erraztea.

B BLOKEA: ARAZOAK NOLA ATZEMAN

1. eta 2. atalak: Portaerari arreta jartzea. Kontuz aldaketekin.

1. atalean, gelan arreta-falta izatea eta horren kausetako batzuk aztertzen dira:

aspertzea (azaltzen dietena badakite), ez dute azaltzen zaiena ulertzen, edo arazo afektiboak dituzte. Arrazoia aztertzea komeni da. Prebentzio modura, ez da haurra inoiz baztertu behar. Beti saiatu behar dugu haurra integratzen.

2. atalean, haurren jokabideko aldaketa guztiei jarri behar zaien arreta nabarmentzen da. Adi egon behar dugu, baina haurra estutu gabe.

Atal horiek ikusi eta gero, gurasoek seme-alaben jarreran aldaketak atzematen dituztenean gauzatu behar dituzten ekintzak nabarmentzea komeni da: gaixotasunak baztertzea, ingurunean aldaketarik egon den aztertzea, harekin hitz egitea, gertatzen ari zaiona atzematen eta hitzez adierazten laguntzea. Irakasleekin hitz egitea ere garrantzitsua da, eta haiekin adostasuna lortzea, bai eta haurrari segurtasuna eta konfiantza ematea ere.

3. eta 7. atalak: seinale psikosomatikoak eta afektibitatea.

Bi atal horiek aldi berean ikus daitezke, haien artean harreman estua baitago.

Funtsezkoa da jabetzea haurrak oraindik ez dakiela larritasuna aditzera ematen, eta somatizatzeko joera duela. Hona hemen bost seinale psikosomatiko: enuresia, depresioa, barne-herstura, loaren nahasteak eta elikadurako nahasteak. Horiek guztiek atentzioa eman behar digute.

Atal horiek gurasoentzako osasun-heziketari buruzko hitzaldiren baterako erabil daitezke. Gurasoei aurreko kontzeptuak azaltzeko balioko luke horrek, hots, haien kausak, sintomak eta ondorioak (garapen pertsonala eta akademikoa kaltetzea). Ondoren, gauzatu beharreko ekintzak azaldu behar dira:

• Adituengana jotzea, baldin beharrezkotzat jotzen bada (medikua, psikologoa, psikiatra).
• Haurrei arreta handia eta denbora eskaintzea. Esan dugunez, nahaste horiek arreta erakartzeko balio dute.
• Lo egiteko eta elikatzeko ohitura onak sustatzea. Eta, behar izanez gero, geure ohitura txarrak ere zuzentzea.
• Erlaxatzeko eta egoerei aurre egiteko teknikak irakastea.
• Haurra gizartera dadin sustatzea: parte har dezala jolas-jardueretan beste batzuekin batera.
• Ez dugu larritu edo errudun sentitu behar.
• Edozelan ere, asko maitatzea eta hori jakinaraztea beharrezkoa da.

4. eta 5. atalak: arreta- eta oroimen-arazoak, eta zentzumen bideetako nahasteak

Atal hauetan, hiperaktibitateari, arreta faltaren desorekari eta dislexiari buruz hitz egiten da.

Lehen pausoa diagnostiko ona egitea da, eta arazoak edo nahasteak konpontzeko profesional batek esku hartzea noiz den beharrezkoa erabakitzea.

Edukia dela medio, atal hauek irakasleentzat dira bereziki. Bideoko edukiak kontzeptu horiek definitzeko oinarria izan daitezke. Bilerako arduradurak kontzeptu horiek zabaldu egin behar ditu, eta seinale batek atentzioa noiz eman behar digun jakiteko irizpideak zehaztu. Ikasteko tekniken gaiari buruz ere hitz egin daiteke: laburpenak, eskemak, ikasteko estrategiak. Era berean, haurren arteko hezkuntza-praktika esanguratsuak, sormenezkoak eta lankidetzazkoak sustatzeari buruz ere hitz egin daiteke.

6. atala: arauetara ez egokitzea.

Arauak errespetatzen ikasteko garaian funtsezkoak diren hiru oinarriak dira atal honen gaia: familia; eskola; gizartea; eta egiten dugunaren eta ezartzen ditugun arauen arteko koherentzia-beharra.

Atal hori A blokeko (Hezkuntza subliminala) 6. atalarekin batera lantzea gomendatzen dugu.

7. atala: Afektibitatea.

Bloke honetako bertako 3. atalarekin batera lantzeko.

8. atala: sozializazioa.

Sozializazio-prozesua laburbildura azaltzen du, bai eta prozesu horretako nahasteak ere.

Bideoa ikusitakoan, baldin irakasleekin hitz egiten ari bagara, haurra sozializatzen errazten duten estrategia guztiak errepasatu behar dira: lankidetzako jarduerak gelan; talde-jolasak; arazoak dituzten haurrak integratzeko jarraibideak.

Familien kasuan, nabarmendu behar da garrantzitsua dela haurrek gustuko dituzten eta sozializatzen laguntzen dieten jolas-jardueretan parte har dezaten: udalekuetan, irteeretan, antzerkian, taldeko kiroletan, eta abarretan.

9. atala: errealitatea eta fantasia nahastea.

Atal honetan azaltzen denez, haurrak, 6 urterekin, pentsamendu sinbolikoa eraikitzen hasten dira. Horrela, ekintzak antola ditzakete, horien ondorioak aurrez ikusi, eta erabaki. Halaber, lehen fantasiak irudika ditzake, eta horiek errealitatearekin nahasi.

Bideoa sarrera gisa erabil daiteke gurasoei azaltzeko pentsamendu sinbolikoa eraikitzeko prozesua. Tutoreak gezurren eta fantasiaren arteko aldeaz ohartarazi behar ditu, eta, era berean, haurrei gezurrak eta fantasiak bereizten nola irakatsi azaldu.

10. atala: espazioari, denborari eta motrizitateari dagozkien aldagaiak kontrolatzea.

Haurrek bost edo sei urte inguru dutenean, gorputz-eskema eraikitzen dute, eta lateralitatea zehazten. Gorputz-eskema eraikitzeko garaian, motrizitatea funtsezko alderdia da. Lateralitateko arazoei buruz, lateralitate gurutzatuari buruz,… dihardu atalak.

Hori ere oso urrats garrantzitsua da haurren garapenean, eta gurasoek zein irakasleek oso ongi ezagutu behar dute. Bideoaren atal hori alderdi horien guztien sarrera egiteko oinarria izan daiteke. Nabarmendu beharreko gaiak:

• Haurrak hitzak edo zenbakiak alderanzten baditu: adi egon behar dugu, daitekeena da arazoak izatea.
• Lateralitatearen eta lateralitate gurutzatuaren kontzeptuak ongi azaltzea komeni da: ikaskuntzan oso garrantzitsua da.
• Haur ezkerren lateralitatea ez da zapuztu behar; lanak erraztu egin behar zaizkie, eta material egokia eskaini.
• Motrizitate zehatzaren garrantzia nabarmendu behar da. Ez badago behar bezala garatuta, lantzea komeni da.

II. ZATIA

C BLOKEA: JOKABIDEA ALDATZEKO TEKNIKAK

1. atala: lehen azterketak.

Atal honetan lehen azterketek haurrei eragiten dieten barne-hersturari buruz hitz egiten da; gainera, emozioak eta barne-herstura kontrolatzen irakasteak edota ikasteko teknikak emateak nolako garrantzia duten ere azaltzen da.

Bideoa ikusi eta gero, tutoreak bideoko kontzeptuak zabaldu egin ditzake, eta seme-alabei kontrolatzen irakasteko eta ikas dezaten errazteko hainbat estrategia gurasoei irakatsi:

• Arnasketa ariketak.
• Azterketa prestatzen laguntzea: galderak egin, azalpenak eman, eta abar.
• Pentsatzen, ulertzen, ideiak elkarri lotzen, arrazoitzen,… laguntzea.
• Ikasteko toki egokia eskaintzea.
• Denbora antolatzen laguntzea, ordutegiak prestatzea.

2. atala: zer egin nerbio-tikekin?

Tikak nahi gabe egiten diren mugimenduak dira, eta itxuraz ez dute helburu zehatzik. Tiken bitartez barne-herstura edo oldarkortasuna bideratzen dira. Bi bide erabili behar dira horiei aurre egiteko: psikologia (barne-herstura zerk eragiten dien aurkitzea) eta jokabidea (pizgarrien bidez aldatzea).
Bideoa ikusi eta gero aipa daitezkeen hainbat gai:

• Begiratu behar da ea tikak besterik gabe agertzen eta desagertzen diren.
• Hobe da haurren aurrean garrantzi gehiegi ez ematea.

3. atala: nola lor dezakegu obedi dezaten?

Adin horretan, haurraren independentzia-nahia eta kontra egiteko grina handiagoak izaten hasten dira.

Eztabaidatzeko hainbat gai:

• Hasi gara mugak ezartzen?
• Argiak gara haiengandik nahi duguna adierazteko garaian?
• Egiten ditugun mehatxuak beti betetzen ditugu?
• Arauak haiekin arrazoitzen ditugu?

4. atala: zer egin eraginkorrak eta arduratsuak izan daitezen?

Gaur egun oso ohikoa den egoera bat planteatzen da: gurasoek guztia egina ematen diete haurrei, eskain diezaieketen denbora urria konpentsatze aldera. Horrela, haurrak arduragabeak eta mendekoak izaten dira.

Bideoko atal honek oso gai interesgarria aurkezten du. Tutoreak gurasoei eska diezaieke beren kezkak eta esperientziak azal ditzaten. Hori oinarri hartuta, hainbat jarrera aztertzea komeni da:

• Haurrek ardura zehatzak dituzte etxean? Zer gertatzen da betetzen ez badituzte?

• Bakarrik konpondu beharko lituzketen arazoak konpontzen dizkiegu: etxean ahaztu dituzten etxeko lanak edo ogitartekoa eramaten dizkiogu ikastetxera?

• Eragin diezaieketen familia-arazoetan iritzia ematera eta parte hartzera bultzatzen badakigu?

• Haiekin pasatzen dugun denbora jolasteko, hitz egiteko, komentatzeko aprobetxatzen dugu?

5. atala: estreinako gezurrak.

Estreinako gezurrak zigorraren beldurrak eraginda esaten dira. Noizbait haurrak akats bat egin badu eta neurrigabeko erreakzioa izan badugu, gezurra esango digu gure erreakzioaren beldur izango delako.

Gurasoen bileran edo irakasleen bileran, seme-alabek edo ikasleek esaten dizkieten gezurren inguruko esperientziak elkarri kontatu ahal dizkiote. Ildo horri jarraiki eztabaida daiteke. Amaieran, bilerako arduradunak argi utzi behar du gezurren aurrean beti hitz egitea dela onena, hots, egoerari buelta ematea eta albait umore onenarekin aurre egitea.

6., 7., 8., 9. eta 10. atalak

Bost atal horiek batera aurkez daiteke, horietan azaltzen diren gaiek elkarrekin zerikusi handia dutelako.

Honako gai hauek azaltzen dira: jokabide desegokiak nola desagerrarazi; ohiturak nola finkatu; sariak eta zigorrak; xantaiaren eta pizgarrien arteko aldeak; gurasoen jokabideetan koherentziak eta sinesgarritasunak duten garrantzia.

Bilerako arduradunak bost atal horiek erabil ditzake gurasoekin hitz egiten hasteko seme-alabei irakasten dizkieten ohiturei buruz, irakasteko erari buruz, zigortzeko edo pizgarriak emateko erabiltzen dituzten metodoei buruz, eta lortzen dituzten emaitzei buruz. Esperientziak trukatzea biziki aberasgarria izan daiteke.
Gurasoentzako hainbat jarraibide:

• Gure jokabideek ez dute inolaz ere presaren edo denbora faltaren araberakoak izan behar. Ohiturak finkatzeko, denbora eta lasaitasuna behar dira. Batzuetan nahiago izaten dugu gauzak geuk egitea (haurrak jantzi, zapatak jantzi, ohea egin, eta abar), horrela lehenago bukatzen dugulako.

• Gurasoen rola bakarra eta ordezkaezina da. Ohitura batzuk etxean ikastekoak dira. Gurasoak izaki, ez dizkiogu ikastetxeari egotzi behar.

• Ez zaie kasu gehiegi egin behar saihestu nahi diren jarrerei, haurrek guri atentzioa emateko egiten dituztenean.

• Gauzak irabazteko, saiatu egin behar direla irakatsi behar zaie. Haurrek ez dute nahi duten guztia izan behar.

• Hobe da saritzea zigortzea baino.

• Gure jokabideak koherentea izan behar du une oro: ez dugu saiatu behar haiengan geuk betetzen ez ditugun ohiturak finkatzen.

Honako hau ohiturak finkatzen eta jokabide egokiak indartzen lagun dezakeen teknika da:

Haurrekin beharrezkotzat jotzen ditugun ardurak hitzartu behar ditugu (jostailuak jasotzea, janztea, mahaia jartzea, eta abar). Kartoi mehe batean taula bat marraztu behar da. Horizontalean hitzartu ditugun ardurak idatzi behar ditugu, eta, bertikalean, asteko egunak. Gauza horietako bat ongi egiten duen bakoitzean, horri dagokion laukian seinaleren bat jarriko dugu. Haurrarekin sariak hitzartuko ditugu, bai eta jarduera hori egin behar duen aldi kopurua ere.

D BLOKEA: ESKOLA-PORROTA

Bloke honetako edukiak direla medio, saio bakarrean lan daiteke, eta gurasoentzat nahiz irakasleentzat da egokia.

Blokearen sarreran, ikaskuntzaren ikuspegi dinamikoa izateak nolako garrantzia duen nabarmentzen da. Kontua ez da haurrek ezagutza asko izatea, ezagutza horiek bilatzeko eta erabiltzeko tresnak eskaintzea baizik, hartara, behar dituenean, erabili ahal izan ditzan.

1. atala: Eskola-porrota kontzeptua

Eskola-porrotari eragiten dioten hainbat faktore dago, eta beti kaltea dakarkiote haurrari: ez ditu irakasgaiak gainditzen, segurtasunik gabe sentitzen da, eskolari uko egiten dio, barne-herstura sortzen zaio.

Bileraren arduradunak eskola-porrot jarraituak haurren garapenean izan ditzakeen ondorioak nabarmenduko ditu, gurasoak eta irakasleak arazoa konpontzen saiatzeko kontzientziatze aldera.

2. atala: alerta seinaleak.

Noiz egon behar dugu erne? Bilerako arduradunak bideoa aprobetxa dezake atentzioa eman behar diguten sintoma guztietan sakontzeko: ez zaio irakurtzea atsegin; eskolan aspertu egiten da; irakurtzeko eta idazteko prozesu motelak ditu, eta abar. Azken batez, haurren garapen-prozesu normalari buruzko informazioa eman behar du, betiere, banakoen diferentzia batzuk errespetatuz.

3. eta 5. atalak: zer egin behar den; noiz ekin behar diogu arazoari.

3. atalean haurrei laguntzeko hainbat jarraibide azaltzen dira. Oinarritzat hartzen da ikaskuntza sortzetikoa ez dela, baina, jakin-mina, aldiz, bai.

5. atalean garaiz jardutearen garrantzia nabarmentzen da, hots, ez dela itxaron behar arazoak beren kasa konpon daitezen. Eragotzi behar dugu haurra kalte dadin.

Hori nabarmendu egin behar da. Haurren jakin-mina eta sormena aprobetxatzea eta erabiltzea ahalbidetzen duten metodoak erabili behar dira. Baldin bilera irakasleekin bada, arduradunak ikaskuntzako metodo aktibo esanguratsuak proposatuko ditu, bere esperientzia oinarri hartuta: lankidetzako lanak; proiektukako lanak; ideia-jasaren teknika; role-playing teknika, eta abar. Azken finean, haurrari bizitza eta eskola lotzea, sortzea, eta jakin-mina asetzea ahalbidetuko dioten teknikak proposatuko dira.

Baldin bilera gurasoekin bada, haurren jakin-mina errespetatzea, asetzea eta piztea erabilgarria dela ikusaraziko zaie: asteburua edo oporrak pasatzera kanpora goazenean, joango garen tokiari buruz hitz egin behar diegu, galdetzeko eta bilatzeko aukera eman, interesa ager dezaten ahalbidetu. Haiekin ipuinak irakurri, eta amaiera asmatzen, protagonistak aldatzen... utzi behar diegu.

4. atala: eskola-porrotaren kausak.

Eskola-porrotaren aurrean hainbat faktore hartu behar da aintzat. Lehenik eta behin, kausa fisikoak (ikusmena, entzumena) eta psikomotrizitatekoak baztertu behar dira. Haurren gaitasun intelektuala zehaztea ere onuragarria izango da, haiengandik behar baino gehiago ez eskatzeko.

Atal hau ikusitakoan, bilerako arduradunak gurasoei azalduko die kausa fisikoak baztertzea garrantzitsua dela. Halaber, haurrak etxean motibatzeak nolako garrantzia duen ohartaraziko dituzte: haien ikasketak balioestea; interesa azaltzea; irakurtzeko ohitura haiengan finkatzea; ikasteko toki egokia eskaintzea; ordutegiak kontrolatzea, eta abar.

6. atala: zer metodo erabili behar da?

Hiru ildo proposatzen dira jarduteko: haurren nortasuna indartzea; berena den irizpide egokia izan dezaten sustatzea; eta haurrei gaitasunak garatzeko metodoak eskaintzea.

6.1. azpiatalean garapen-hasierarako oinarrien metodoa zehaztasun handiz azaltzen da. Haur bakoitzak, aurretik dituen ezagutzak direla medio, hasiera desberdina izaten du eskaintzen zaizkion ezagutza berriez jabetzeko, eta aurretik zituenei lotzeko.

Bilerako arduradunak pentsamendu-estrategia desberdinak errespetatzea eta sustatzea berebizikoa dela nabarmenduko du. Irakasleei dagokienez, nabarmendu behar da oso garrantzitsua dela haurrek konponbidera iristeko jarraitu duten prozesua ozen azal dezaten. Hainbat ikuspuntu alderatu behar da, haurrak jabe daitezen konponbide berera iristeko bide bat baino gehiago egoten dela. Hartara, blokeatzea saihesten da; izan ere, haurrak blokeatu egin daitezke, baldin guztiak estrategia berberari jarraitzera bultzatzen baditugu.

Hori etxean ere baliagarria izan daiteke. Sortzen den edozein arazok hainbat konponbide izan dezake. Haurrei iritzia ematen utzi behar zaie posible den guztietan, eta haien iradokizunak entzun egin behar dira, eta gureekin alderatu.

7. atala: nortasuna indartzea.

Behar bezala egituratutako nortasuna oso garrantzitsua da egoerei aurre egiteko eta porrotak jasateko. Haurrei nortasuna indar dezaten lagun diezaiekegu; horretarako, beren buruengan duten konfiantza, bai eta jakin-mina ere, sustatu behar dira, eta helmugak finkatzen eta beren burua kontrolatzen irakatsi behar zaie.

Bilerako arduradunak, bideoa ikusi eta gero, aurreko helburuak erdiesteko estrategiak azal ditzake. Era berean, gurasoek beren esperientziak azal ditzakete; horrela, elkar aberasteko balioko dute.

Adibidez, udalekuetara edo ibilaldian joaten direnean aztertzeko proposa daiteke. Helburu bat honako hau izan daiteke: behar dituzten gauzen zerrenda egitea, eta behar dutena prestatzea. Kasu horretan, beren buruengan duten konfiantza sustatzeko, ongi egin dituzten gauzak balioetsi behar dira; jakin-mina pizteko, joango den tokiari buruzko informazioa eskaini eta ikusiko dituen gauzei buruzko interesa piztu behar dira; beren burua kontrolatzeko, halako ibilaldiek sortzen dieten ezinegonari eta aztoramenari eusten lagundu behar zaie.

8. atala: norberaren irizpidea eratzea.

Norberaren irizpideari esker, haurrek arrazoitzeko, aztertzeko eta garrantzitsuak diren gauzak bereizteko gaitasuna izan dezakete.

Tutoreak edo bilerako arduradunak egin ditzakeen proposamenak:

• Haurrekin telebista ikustea: ikusten duguna komentatzea, haurrei adierazten uztea.
• Berari edo ikaskideei egunean zehar gertatu zaizkien gauzak azal diezazkigun eskatzea: aukera aprobetxa dezakegu hitz egiteko, aztertzeko eta iritzia izan dezan sustatzeko.
• Gelan edozein gairi buruzko eztabaidak antola daitezke. Haur bakoitzak kideen aurrean garatu egin beharko du gai hori, eta besteen erantzuna jaso.
• Gelan ere lan daiteke; horretarako, kasuak aurkeztu behar zaizkie, eta eztabaidak antolatu azal dezaten zer egingo luketen, zergatik...

9. eta 10. atalak: irakaslearen rola. Motibazio-sistemak.

9. atalean azaltzen denez, irakaslea berebizikoa da eskola-porrotean edo -arrakastan.

10. atalean, haurrek, motibazioaren aldetik, 6 urterekin egiten duten trantsizioa azaltzen da. Ordura arte, haurrek kanpo-motibazioz jarduten dute, hau da, helduei atsegin emateko. Adin horretatik aurrera, motibazioa barneratu egiten dute, hau da, ongi egindako lanak gustuko izaten hasten dira.

Atal horiek ikusitakoan, tutoreak funtsezko gai bat aipatu ahal izango du: gurasoen eta irakasleen arteko harremana. Tutoreak gurasoei hitz egiten eta iritzia ematen utzi behar die. Ondoren, gurasoek eta irakasleek duten harremana eta iritzia oso garrantzitsuak direla azaldu behar zaie. Hainbat jarraibide garrantzitsu:

• Irakasleen autoritatea ez da inoiz zalantzan jarri behar haurren aurrean. Guk ez badugu irakaslea errespetatzen, haurrak ere ez du errespetatuko. Horrek haurraren ikaskuntzari eragingo dio; izan ere, ikaskuntza, hein handian, lotura afektiboen araberakoa da.

• Irakasleen ekintzak ez dira zalantzan jarri behar: harekin hitz egiten dugunean jarri ahal ditugu zalantzan, baina inoiz ez haurren aurrean.

• Irakasleen erabakien alde egitea.

• Eskolarekin elkarreraginean aritzea; eskolan irakasten zaizkien balioak eta etxean irakasten zaizkienak aurkakoak ez izatea.

• Eredua izatea: irakurtzeko zaletasuna, ikastea balioestea.

• Haurrekin eskolan egiten duenari buruz hitz egitea. Haurren lorpenen eta porroten gaineko interesa izatea.